Argibideak
ZALANTZAZKOAK
Baina, zalantza gabekorik ezagutzen duzue?
Zenbaitetan duda egiten dugu: dut edo diot?; biak ondo, testuinguruaren arabera?; naiz edo dut?... Zalantza gehien sortzen dituzten aditzak ekarriko ditugu hona: |
Gonbidatu du, ez *dio: Gosaltzera gonbidatu nau, eta benetan nazkagarria izan da. |
Maite izan du, ez *dio: Betiko maite zintuela uste zenuen, baina handitutakoan zutaz ere ahaztu egin zen. |
Jo du, gehien-gehienetan: Erruduntzat jo zuten akusatua, eta sei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Baina... Adarra jo nahi zioten Iñaki Perurenari. |
Itxaron / itxoin du edo dio, testuinguruaren arabera. Objektua biziduna denean, dio: Ez zioten inori itxoin; sagardoa edaten hasi ziren, harik eta kupela erabat hustu zuten arte. Gainerakoetan, du: Datorren astera arte itxoingo dugu liburuak erosteko. |
Deitu / lagundu, bietara daude ondo: Mekanikoari deitu diot / Mekanikoa deitu dut. Etxera joaten lagundu dut / diot. |
Eutsi / heldu dio. azpian galdera hauxe dago: Zeri eutsi / heldu? Igerilariek lehiari eutsi diote. Mailari eutsi dio futbol taldeak. Gogor heldu zion korrikaren lekukoari. |
Ekin dio: Goizean goizetik ekin zioten lanari. |
Jolastu naiz: Zertan jolastuko gara? Askotan, ordea, jokatu eta jolastu aditzak nahasi egiten ditugu. Jokatu aditza bietara joka daiteke, zein galderari erantzuten dion. Zer jokatu zuten? Dirua, txapelketa bat... Zertan jokatuko dugu? Pilotan, kartetan... Nola jokatuko du / da? Ondo jokatu du taldeak / Era lotsagarrian jokatu da. Jokatu, horrenbestez, zer edo zer jokoan dagoenean erabili behar da; jolastu, aldiz, alderdi ludikoa nagusitzen denean erabiltzen da. Eta azken horren ordez, honako hauek erabil daitezke: jolasean ibili / ari; jolas egin; jostatu; olgatu (da / du)... |
ARIKETA |
Osotu perpausak 4.16 |
.