HITZ ELKARTUAK

..........................

..........................

Ez nekien nor zen Sofia, baina notarioaren idazkariak galdetutakoari baietz esan nion. Haren urduritasuna zerk sortzen zuen jakin nahi nuen. Igogailura eraman ninduen besotik helduta, arin, tiraka, notariotzatik ni urruntzeko presaz, ezker-eskuinari begira, urduri. Igogailuaren atea zabaldu eta barrura bultzatu ninduen.

Bostak eta erdietan “Adarra” parkearen kiosko ondoan –agindu zidan–, gaztaina saltzailearen aurreko jarlekuan.

Bostak eta erdietan, alabaina, ez zen emakumea agertu. Ordu laurdena pasata zegoela, gaztainak erosi eta ni jesarrita nengoen lekura hurbildu zen gizon sendo bat, heldua, bekoki‑musuak zimurtsuak, begi azpi nasaia. Egunkari orria panazko praken gainean zabaldu eta fruitu erreak alerik ale zuritzen hasi zen atzamar iletsuekin. Klaska-klaska bitxiak atera zituen fruitua ahoan sartzean, kraskatu aurretik zupatu egingo balitu bezala…

 

Iñaki Friera. Zureak egin du. Susa (Moldatua)

 

Testu horretan hainbat hitz elkartu azpimarratu ditugu. Ikusten denez, idazteko garaian hiru aukera nagusi ditugu:

 

Bereizita

a. Mendiak, parkeak, ibaiak, kaleak... izendatzeko, lehenengo, izen propioa jartzen dugu, eta gero, generikoa, marratxorik gabe:

Bostak eta erdietan "Adarra" parkearen kiosko ondoan —agindu zidan—, gaztaina saltzailearen aurreko jarlekuan.

 Modu berean: Urbasa mendia, La Florida parkea, Ibaizabal ibaia...

b. Hitza errepikatu eta lehen osagaia deklinatzen denean:

Egunkari orria panazko praken gainean zabaldu eta fruitu erreak alerik ale zuritzen hasi zen atzamar iletsuekin.

Modu berean: herriz herri, mendirik mendi, atez ate...

 

 

Lotuta

Hitz elkartuak idazten dira lotuta lehendabiziko zatia aditza denean (aditzoina):

Igogailura eraman ninduen besotik helduta, arin, tiraka, notariotzatik ni urruntzeko presaz.

Era berean: eskuleku, ikasgela, helmuga, idazlan...

 

 

Marratxoa erabilita

Hitz elkartuak idazten dira nahitaez marratxoa erabilita:

a. Bikoiztapenak:

Klaska-klaska bitxiak atera zituen fruitua ahoan sartzean, kraskatu aurretik zupatu egingo balitu bezala...   

Modu berean, blai-blai, egunean-egunean, urtero-urtero edo, hitza errepikatuta, bigarren osagaia deklinatzen denean: handi‑handia, zabal-zabalik, bat-batean…

 

b. Marratxoak eta edo edo esan nahi duenean:

...gizon sendo bat, heldua, bekoki‑musuak zimurtsuak, begi azpi nasaia.

Hau da, bekokia eta musua, biak zimurtsuak zituela esateko.

Modu berean: seme-alabak, aitona-amonak,izen-abizenak, neska-mutilak, gaur-biharretan Gainera, pluralean joan ohi da.

c. Kontrako bi hitz elkartzen direnean:

...notariotzatik ni urruntzeko presaz, ezker-eskuinari begira, urduri...

Era berean, gutxi-asko, luze-zabal, goi-behean, atze-aurreak... 

 

Marratxoa erabilita edo bereizita

Hitz elkartuak idazten dira marratxoa erabilita edo bereizita, aukeran:

...gaztaina(-)saltzailearen aurreko jarlekuan.

Egunkari(-)orria panazko praken gainean zabaldu...

Bi adibide horietan marratxoz edo marratxorik gabe idatz daiteke.

1. Izen-elkarte arrunt guztiak horrelaxe idatz daitezke: lan hitzarmen edo lan-hitzarmen, osasun egoera edo osasun-egoera...

 

2. Marratxoaren erabilerak batzuetan esanahia argitzen laguntzen du: ume hiltzailea idatziz gero, agian zalantza sortuko zaigu umea bera den hiltzailea edo umeak hiltzen dituen norbaitez ari garen. Ume-hiltzailea idatziz gero, ez legoke zalantzarik, umeak hiltzen dituen norbaitez ari gara.

 

3. Lehen osagaia berezko -a-z amaitzen denean:

3.a. -ia-z amaitzen denean, -a-rekin edo -a-rik gabe idatz daiteke: ortografi arauak, ortografia-arauak edo ortografia arauak.

 

3.b. Lehen osagaia eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura edo literatura denean, -a-rekin edo -a-rik gabe idatz daitezke. Lehendabiziko kasuan, marratxoarekin edo marratxorik gabe idatzi daitezke hitz-elkartu horiek; a-rik gabe idatziz gero, berriz, marratxorik gabe idatzi behar da: hizkuntz eskakizun, hizkuntza-eskakizun edo hizkuntza eskakizun, adibidez.

 

3.c.Gainerakoetan, lehen osagaiari ez zaio -a kendu behar: eskola-agiri, ohitura-aldaketa...

 

 

 Hitz elkartuen lehen letra maiuskulaz denean (errotuluetan, eta abarrretan)marratxorik ez erabiltzeko gomendioa dago: Justizia Saila, Bake Epaitegia (bake-epaitegia ere ondo legoke)...

.

ARIKETAK
Aukeratu dagokiona 3.6 Zuzendu okerrak 3.7
Azken aldaketa: asteartea, 2019(e)ko ekainaren 11(e)an, 13:22(e)tan