IDEIEN ARTEKO LOTURAK

 

 

Kableak ez baditugu modu egokian konektatzen...

... ordenagailuak ez du funtzionatuko.

 Eta ideiak ez baditugu modu egokian lotzen...

... idatzitakoak ez du funtzionatuko, testua ez da behar bezala ulertuko.

 

Mendian ibili nahi duzu eta, zenbait aldizkari irakurtzen hasi zara orientabide bila. Horietako batean, artikulu labur hau irakurri duzu: 

Mendian ibiltzeko oinarrizko aholkuak 

Gero eta gehiago dira mendira atsedenaren bila joaten direnak. Kontua ez da zaletasuna piztu eta abiatzea; kontuan izan beharreko "arriskuak" ditu mendiak, aldapa gogorrak, lur-eremu ezegonkorrak, erliebe irregularrak...  askotan oso-oso azkar eta modu bortitzean aldatzen diren fenomeno meteorologikoak. Oso gogoan izan behar ditugu; ondorioak larriak izan daitezke.

Fenomeno meteorologikoen artean trumoi-ekaitzak eta tximistak ditugu gogorrenetakoak. Tximisten ezaugarri elektrikoak ikaragarriak dira.Tenperatura oso altua da (8.000º C-tik 30.000º C-ra); tentsioa maila handia da (10 milioi voltetik gora); intentsitatea bortitza da (25.000 anpere); ukipen-denbora oso laburra da (1/1.000 segundotik 1/10.000 segundora).

Eragin ditzakeen ondorioak ez dira txantxetakoak. Tetanizazioak, bularralde edo sabel barruko organoen lesioak, erredura sakonak, lesio neurologikoak...

Trumoi-ekaitza etor daitekeela sumatzen baduzu, komenigarria da gailurretatik aldentzea; ekaitzak gailurrean harrapatzen bazaitu, ahalik eta azkarren jaistea baina ez mendiaren ertzetatik; metalezko objektu guztietatik (pioletak, kranpoiak, mosketoiak,  bastoi teleskopikoak, etab.) urruntzea; ez gelditzea zuhaitzen eta haitzen azpian, edo hormen ondoan, isolatuta baldin badaude; lurrean eseritzea, tximistak nabarmentzen den edozer (zutik dagoen pertsona bat, esaterako) erakartzen du; ahal dela, isolatzailea den edozein material erabiltzea. Soka, lozakua, motxila... lehor egon behar dira, tximistaren indarra transmititu dezakete. Mendia erakargarria da, zentzuz ibili behar da; sufrimendu iturri bilaka daiteke.
 

 

Ez da testu zaila, baina, hala ere, lokailu egokiak erabili ezkero, informazioa errazago eskuratzen da.

Mendian ibiltzeko oinarrizko aholkuak 

 

Gero eta gehiago dira mendira atsedenaren bila joaten direnak. Kontua ez da zaletasuna piztu eta besterik gabe, abiatzea; izan ere, kontuan izan beharreko "arriskuak" ditu mendiak, hala nola, aldapa gogorrak, lur-eremu ezegonkorrak, erliebe irregularrak... eta, batez, ere, askotan oso-oso azkar eta modu bortitzean aldatzen diren fenomeno meteorologikoak. Azken horiek oso gogoan izan behar ditugu; bestela, ondorioak larriak izan daitezke.

Fenomeno meteorologikoen artean trumoi-ekaitzak eta tximistak ditugu gogorrenetakoak. Tximisten ezaugarri elektrikoak ikaragarriak dira. Esaterako, tenperatura oso altua da (8.000º C-tik 30.000º C-ra); tentsioa ere maila handikoa da (10 milioi voltetik 10.000-ra); intentsitatea ere, bortitza (25.000 anpere); eta ukipen-denbora, oso laburra (1/1.000 segundotik 1/10.000 segundora).

Beraz, eragin ditzakeen ondorioak ere ez dira txantxetakoak: tetanizazioak, bularralde edo sabel barruko organoen lesioak, erredura sakonak, lesio neurologikoak...

Horrela, hori guztia saihesteko, oso komenigarria da ondoko aholku hauek jarraitzea: trumoi-ekaitza etor daitekeela sumatzen baduzu, gailurretatik aldendu; ekaitzak gailurrean harrapatzen bazaitu, ahalik eta azkarren jaitsi baina ez mendiaren ertzetatik; metalezko objektu guztietatik (pioletak, kranpoiak, mosketoiak, muskilak, bastoi teleskopikoak, etab.) urrundu; ez gelditu zuhaitzen, haitzen eta haitzen azpian, edo hormen ondoan, batez ere, isolatuta baldin badaude; lurrean eseri, tximistak nabarmentzen den edozer (zutik dagoen pertsona bat, esaterako) erakartzen baitu; ahal dela, material isolatzailea erabili: soka, lozakua, motxila... baina lehor egon behar dira, osterantzean, tximistaren indarra transmititu dezakete. Mendia arriskutsua, gogorra, arazotsua izan daiteke; gainerakoan, erakargarria.

 

 

Bigarren testu honetan, ideiak lotzeko lotura-elementuak erabili ditugu. Zertarako?

Perpausen eta paragrafoen arteko lotura semantikoak markatzeko. Eta, beraz,

• Irakurleak mezua erraz eta azkar jasotzeko.



Abestiaren letra ikusi eta zure ordenagailura jaitsi ahal izateko, sakatu hemen: Sorotan Bele. Zortzi Orduko Ekaitza

 

1. Gaian ikasitakoa kontuan harturik, pentsatu... testuan lau

ideia nagusi landu dira, paragrafo banatan:

Hau da, lau galdera nagusi egin dira testua garatzeko:

1. Mendiak dituen arriskuak.

2. Tximistaren ezaugarri elektrikoak.

3. Tximistak izan ditzakeen ondorioak.

4. Babesteko hartu daitezkeen neurriak.

1. Zeintzuk dira mendiak dituen arriskuak?

2. Zeintzuk dira tximistaren ezaugarri elektrikoak?

3. Zer ondorio izan ditzake tximistak?

4. Zer neurri har daitezke babesteko?


 

 

Horixe da, hain zuzen ere, zenbait testu garatzeko bide bat: galdera-erantzunak erabiltzea.

 

Egitura hori erabili da ondorengo testu honetan. Lanean ere, horrelakoak erabil daitezke herritarrei azalpenak emateko.

Kontsumitzailea bazara, nola erreklamatu?

 

Nola egin erreklamazioa, gatazka izanez gero?

•Enpresara joan eta saiatu adiskidetasunezko akordio bat lortzen.

•Lortzen ez baduzu, eskatu enpresari erreklamazio-orri bat eta bete.

•Aurkeztu erreklamazio-orria kontsumo-erakunde hauetakoren batean: Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-bulegoetan edo Kontsumobideren Lurralde Zerbitzuetan.

Zer jaso erreklamazioan?

Enpresa behar bezala identifikatu eta zure datuak zehaztu.

Arazoaren xehetasun guztiak eta zure eskakizunak argi eta garbi azaldu.

• Erreklamazio-orria sinatu.

Froga-gisa erabil daitezkeen dokumentu guztien kopiak erantsi: fakturak, tiketak, kontratua, aurrekontua, bermea, publizitatea... Originalak gorde.

Zer egin, hala ere, akordiorik lortzen ez bada?

•Orduan Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordera jo dezakezu eta bertan arbitrajea eskatu.

•Eta enpresak arbitrajearen menpe jarri nahi ez badu, Auzitegietara jo beste aukerarik ez duzu izango.

Auzitegietara jo nahi baduzu, aurretik Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte batera joan zaitezke: elkarteko kide eginda, kasua aztertuko dute auzibidean aurrera egin dezakeen ikusteko.  

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Tximistarriak, berez, historiaurreko aizkorak dira, baina artzainek tximistaren puntak zirela uste zuten. Esaten zuten tximista ez zela bitan leku berean erortzen eta uste hori erabiltzen zuten artaldeak babesteko. Zer egiten zuten? Hainbat tokitan ziotenez, tximista erortzen zenean lurpera hamar metro eta erdi sartzen zen; ikusten zuenak lekua markatu egiten zuen eta, handik zazpi urtera, toki hartara bueltatzen zen. Tximistarria lurrazalean azaltzen zen, urtero lurpetik metro eta erdia igotzen zelako.

Ikusten denez, paragrafoan aurrera egiteko ere, galderak erabil daitezke. Bide egokia da informazioa errazago helarazteko.

ARIKETAK
Bete hutsuneak 6.11.
Aukeratu egokiena 6.12.

Azken aldaketa: ostirala, 2019(e)ko abenduaren 13(e)an, 14:19(e)tan