ZENBAKIAK


 

EZ DOK AMAIRU

Ez dok amairu kantari taldea 1966an sortu zen, urtebete lehenago bilerak egiten hasi baziren ere. Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo izan ziren lehen kideak. Geroago, Artze anaiak, Xabier Lete, Julen Lekuona, eta Irigaray anaiak, besteak beste, sartu ziren. Taldearen bultzatzaile izan ziren Nemesio Etxaniz eta Jorge Oteiza. Azken horrek asmatu zuen Ez dok Amairu izena, herri ipuin batetik hartua.  Katalunian Nova Canço taldeak egiten zuena egitea izan zen helburu nagusia: euskal kantagintza modernoa sortzea, kantutegi zaharrean oinarri hartuta, garaiko musikari leihoak zabalduz. Hasieran kantari bakoitzak bere kantuak abesten zituen bakarka, baina 1970ean Baga, Biga, Higa ikuskizuna antolatu eta Portugaleten eman zuten lehen aldiz jende aurrean; handik aurrera herriz herri ibili ziren, harik eta 1972an taldea desegin zen arte.

 

Zenbakiak, nahitaez, eguneroko bizimodu arruntean ditugu: gauzen prezioak, norberaren urteak, laneko ordutegiak, telefonoak, datu estatistikoak, jokoak, aseguruak, lehiaketa-datuak, elikagaien kaloriak, tenperatura gora-beherak... adierazteko zenbakien beharra dugu.  Justizia arloan ere zenbakien beharra agertzen da maiz. Nola eman horiek euskaraz? Guk, momentuz, honakoak landuko ditugu:

•Zenbaki kardinalak nola eman

•Zenbaki ordinalak nola adierazi

•Ehunekoak nola idatzi

Euroak nola adierazi

Zenbait esapide

 

 

 Zenbaki kardinalak nola eman

Zenbaki kardinalak idazteko orduan, gehienetan ez da beharrezkoa izaten letra bidez osorik idaztea, zenbakien bidez adierazita nahikoa izaten da. Baina kopuru horiek ahoz irakurri edota esan egin behar izaten dira, argi eta zuzen, gainera. Nola? Bankuko kontu-zenbakiak, telefono zenbakiak, nortasun-agirietako zenbakiak ozenki esan behar badituzu, hoberen-hoberena da zenbakiak banan-banan esatea, edo binaka edo hirunaka taldekaturik:

945 024378: "bederatzi-lau-bost... zero-bi... lau-hiru... zazpi-zortzi".

Zenbaki kardinalak letraz nola idazten diren ikusi nahi baduzu, sakatu hemen.

 

 Zenbaki ordinalak nola adierazi

 

Zenbaki ordinalak adierazteko, -garren atzizkia erabiliko dugu, letraz idazten ditugunean ("lehenengo" kenduta):

lehenengo/bigarren/hirugarren... pisua

Zenbakia "bost" bada edo bukaeran "bat" badu, orduan  honela idatziko dugu:

hogeita batgarren/bosgarren... pisua

-garren atzizkia erabili ordez, puntu bat idatz daiteke:

2. pisua. Esateko: "bigarren pisua"

5. pisua. Esateko: "bosgarren pisua"

21. pisua. Esateko: "hogeita batgarren pisua"

Zenbaki ordinalei buruzko arauak ikusi nahi badituzu, sakatu hemen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

   

 Ehunekoak nola idatzi

Euskaltzaindiak oraindik ez du ehunekoen deklinabideaz araurik eman, baina hona hemen zenbait gomendio:

1) Ikurraren eta zenbakiaren artean ez utzi tarterik: %5, %21...

2) Zenbakia deklinatu beharko balitz, mugagabean joango da:

•Kontsonantez amaituta: %5 ("ehuneko bost")

%5ek ("ehuneko bostek"); %5i ("ehuneko bosti"); %5en ("ehuneko bosten")

•Bokalez amaituta: %8 ("ehuneko zortzi")

%8k ("ehuneko zortzik"); %8ri ("ehuneko zortziri"); %8ren ("ehuneko zortziren")

 

 

Zalantzazko kasuak

"%4 garestitu da" ala "%4an garestitu da"?

Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak lehenengo forma hobetsi du, hau da, %4 garestitu da.

Baina egokia da kasu honetan: Arropa %50ean jarri dute.

"%10ak ez zuen onartu proposamena" ala "%10ek ez zuten onartu proposamena"?

Biak onartzen dira. Aditz laguntzailea singularrean zein pluralean joan daiteke.

 

"Botoen %48 lortu du hautagaiak" ala "%48 boto lortu du hautagaiak"?

Lehenengo forma da egokia, hau da, Botoen %48 lortu du hautagaiak.



 

•"Deitutakoen %10 etorri zen batzarrera" ala "Deitutakoen %10a etorri zen batzarrera"? Era berean, "Inkestatuen %10ek istripu bat izan du" ala "Inkestatuen %10ak istripu bat izan du"?

Mugagabea da forma zuzena, hau da, Deitutakoen %10 etorri zen batzarrera eta Inkestatuen %10ek istripu bat izan du.

 

Baina aurretik "gainerako" edo "beste" badute, mugatu egingo dugu (aurretik emandako ehuneko kopuru(ar)en osagarri delako:

Gastuen %89 udalena da; %8, mankomunitateena, eta gainerako %3a kontzejuena.

Auzokoen %25 alde dago, eta beste %75a aurka.

 

 Euroak nola adierazi

Euskaltzaindiak ez du gai honi buruzko arau zehatzik eman. Beraz, ondorengo bi forma hauek erabil daitezke:

1) Salneurriak adierazteko:

•Galdetzeko: Zenbatean/Zenbat euroan/Zenbat eurotan / Zegan (Bizk.) erosi du auto berria?

•Erantzuteko: Autoa 18.000 euroan/eurotan erosi du.

 
 

2) Txanponen balioa adierazteko:

1,05 €: euro bat eta bost zentimo.

•0,20 €: hogei zentimo.

euro bateko txanpona / euro batekoa / bi euroko txanpona / bi eurokoa...

•zentimo bateko txanpona / zentimo batekoa / bi zentimoko txanpona / bi zentimokoa...

•bost euroko billetea / bost eurokoa...

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 Zenbait esapide

 Uste baino gehiagotan erabiltzen ditugu zenbakiak egunero, eta ez bakarrik kantitateak adierazteko:

 

 

Euria? Bost axola niri! (Ardura gutxi niri!)

 

Arineketa batean joan da. (Lasterka joan da).

Bereak eta bost entzun behar izan zituen. (Direnak eta ez direnak entzun behar izan zituen).

 

Gaur zortzi han izango gara. (Zortzi egun barru han izango gara).

Gaur zortzi han izan ginen. (Duela zortzi egun han izan ginen).

 

Hamaika aldiz esan diot ortozik ez ibiltzeko. (Behin eta berriro esan diot ortozik ez ibiltzeko).

 

Ezagutzen duzu "Ken Zazpi" taldea? Ba al dakizu izena nondik datorren? Hona hemen Eñaut Elorrieta taldekideak emandako erantzuna:

"Zaila da esplikatzen. Ez dut guztiz erantzungo, baina zazpi zenbakiarekin dauka lotura. Zenbaki honek gustuko ditugun esanahiak ditu: guretzat zenbaki sorgindua da, badu sorginekin zerikusirik; zazpi lagunen artean eman genion hasiera proiektuari eta zazpi lurralde ditu Euskal Herriak; gainera, baditu guretzat pertsonalak diren esanahi batzuk. Izen horrek gure baitan biltzen ziren esanahi asko laburbiltzen zituen eta identifikatuta sentitzen gara zazpiarekin".

Nahi al duzu "Ken Zazpi"-ren kanta bat entzun?

Letra ikusteko, sakatu hemen.

ARIKETAK
Aukeratu egokiena 1. 11.
Aukeratu dagokiona 1. 13.

Azken aldaketa: asteazkena, 2022(e)ko martxoaren 23(e)an, 12:46(e)tan